Wikipediako artikulu baten kalitatea ebaluatzen (Bookshelf proiektua)/2013ko edizioa
This is the second edition of the Evaluating Wikipedia article quality brochure (now titled Evaluating Wikipedia: Tracing the evolution and evaluating the quality of articles), from late 2013. The text underwent minor revision from the 2011 first edition, and the design was updated to match the other recent Wikimedia outreach brochures.
Text with special formatting (generally used to designate interface elements or Wikipedia-specific terminology) are marked in bold.
text
page 1 (cover)
Wikipedia ebaluatzen
Artikuluen eboluzioa zein izan den jakitea eta artikuluen kalitatea ebaluatzea
wikipedia.org
page 2
Wikipedia da inoiz sortu den entziklopediarik handiena.
Ehunka hizkuntzatan dago. Entziklopedia tradizionalek ez bezala, Wikipediak edizio irekiko eredu bat erabiltzen du. Edonork egin ditzake ekarpenak, zuzenean artikuluak idatziz edo editatuz. Beraz, artikuluen kalitatea gorabeheratsua da. Irakurleontzat, garrantzitsua da ezagutzea ea artikulu bat ona ala eskasa den.
Zer da Wikipedia?
Wikipedia ez da lehen mailako iturria, hala nola zuzeneko elkarrizketa bat; ez eta bigarren mailako iturria, hala nola txosten akademiko bat edo egunkariko albiste bat. Wikipedia entziklopedia bat da. Lehen eta bigarren mailako iturrietatik hartutako informazioen bilduma da, ikuspegi orokor bat ematen duten artikuluetan txertatuta eta antolatuta. Beste entziklopedia batzuk bezala, Wikipedia abiapuntutzat erabili behar litzateke. Gai baten ikuspegi zabal bat eman dezake, eta lehen nahiz bigarren mailako iturri kalitate handikoak aurkitzen lagun diezazuke.
Wikipedia lagungarria izango zaizu hau egiteko:
Gai baten ikuspegi orokor bat hartzea
Gai bati buruzko lan gomendatuen zerrenda bat lortzea
Gai horri loturiko beste gai batzuk ezagutzea
Nola sortzen dira Wikipediako artikuluak?
Wikipediako artikulu tipiko bat ez da ekinaldi bakarrean sortzen. Artikuluak hazten joaten dira, edizioz edizio; maiz, lankidetzan aritzen diren hainbat egileren eskutik. Beharbada, norbaitek hasiko du artikulu bat; beste batek, testu zatiren bat gehituko dio; eta beste batek, beste era batera antolatuko du, errazago irakur dadin. Inor ez da artikuluaren «jabea», baina jende askok ardura handia hartzen du denbora asko eskaini dieten artikuluak zaintzen.
page 3
Wikipediako artikulu baten eboluzioari behatzea
Artikulu bakoitzak zer eboluzio izan duen ikus dezakezu, goialdean dagoen «Ikusi historia» loturan klikatuta. Artikuluak izan dituen bertsio guztiak aurkituko dituzu hor.
«Ikusi historia» orrian, lerro bakoitzak artikuluaren bertsio bat adierazten du. Klikatu datan, bertsio hori ikusteko. Ikus dezakezunez, bertsio bakoitza lotuta dago edizio hori egin zuen erabiltzailearekin.
Konparatu oraingo edo aurreko bertsioarekin
Edizioaren ordua eta data
Edizioa egin duenaren erabiltzaile izena edo IP helbidea
Editatze-iruzkina
Era berean, artikuluaren bi bertsio konpara ditzakezu, konparatu nahi dituzun bertsioei dagozkien aukera botoiak hautatuz eta «Alderatu hautatutako bertsioak» klikatuz. Bi zutabe ikusiko dituzu: ezkerrekoa da bertsio zaharrena, eta eskuinekoa berriena. Ezberdintasun guztiak nabarmenduta agertzen dira. Eginbide hau erabil dezakezu, bi bertsioren artean zer gertatu den zehazteko, hau da, zer erantsi eta zer ezabatu den ikusteko.
Aurreko bertsioa
Bertsio berria
page 4
Ekarpen-egileek nola hobetzen duten Wikipedia
Jende gehienak, Wikipedia aipatzean, entziklopediako artikuluak soilik ditu gogoan. Hala ere, agertokiaren atzealdean ere lan ugari egiten da: Wikipediari egiten zaizkion edizioen erdia-edo artikuluak ez diren orriei egiten zaizkie. Ekarpen-egileek artikuluek zer eboluzio izan beharko luketen eztabaidatzen dute, iturrien kalitatea ebaluatzen dute, eta editatze politikak ezartzen dituzte. Orri eta eztabaida horiek irekita daude edonork ikus ditzan, artikuluak eurak bezalaxe. Aski duzu non begiratu behar den jakitea.
Artikulu bakoitzak bere eztabaida orria du. Artikulu bakoitzaren goialdean, bada «Eztabaida» izena duen fitxa bat. Klikatu hor, eta artikulua sortzeko zenbat gogoeta egin den ikusiko duzu. Beharbada, zeure buruari galdezka ari zaren alderdiren bat dagoeneko eztabaidatu da. Artikuluaren kalitateari buruzko zalantzak baldin badituzu eta zeuk hobetu ezin baduzu, idatz itzazu zure galderak eztabaida orrian.
Galdera askori egun gutxiren buruan erantzuten zaie. Astebetean zure galderek arretarik jaso ez badute, baina, beharbada ideia ona izango da artikuluari ekarpenak egin dizkietenei zuzenean galdetzea, edo eztabaidagune orokorrago batera jotzea. Klika ezazu «Ikusi historia» fitxan, bila ezazu artikuluari hainbat edizio egin dizkion erabiltzaile bat, eta klika ezazu haren eztabaida orri pertsonalera daraman loturan. Ekarpen-egile horri galderak egin diezazkiokezu orri horretan.
Artikulu baten kalitatea ebaluatzea
Artikulu onak eta nabarmenak bereizteko ikonoak
Wikipediako artikuluen kalitatea oso gorabeheratsua da. Artikulu asko oso onak dira, baina batzuek ez dute aski sakontasun eta argitasun, edo alde baterantz lerratuta daude, edo zaharkituta. Euskarazko Wikipedian, bada prozesu formal bat artikulu hoberenak «artikulu nabarmen» gisa identifikatzeko. Hala ere, webguneko artikulu gehien-gehienek —nahiz eta batzuk oso onak diren— ez dute izendapen hori eskuratu.
Beraz, nola baliozta dezakezu artikulu baten kalitate orokorra laster batean? Bi bide nagusi daude:
Bilatu kalitatezko artikuluen osagaiak
Bilatu kalitate txarraren ohiko seinaleak
page 5
Kalitatezko artikuluen osagaiak
Oro har, kalitate handiko artikuluek bost osagai dituzte:
erraz ulertzen den ikuspegi orokor bat ematen duen sarrerako atal bat,
egitura argi bat,
estaldura orekatua,
eduki neutrala, eta
iturri fidagarriak.
Sarrerako atala ulerterraza da eta artikuluaren funtsezko puntuak laburbiltzen ditu. Adibidez, biografia batean, sarrerako atalak aipatu behar du pertsona hori zergatik den ezaguna eta non bizi izan zen, baina ez du zergatik adierazi haren haurtzaroari buruzko xehetasunak, halako xehetasunak eskuarki egokiagoak baitira geroagoko atal baterako.
Egitura argia da. Hainbat atalburu eta azpiatalburu daude, toki egokietan jarritako irudi eta diagramak, eta iturriak eta oin oharrak bukaeran. Artikulu gehienetarako, edukia kronologikoa da, edo gaika antolatuta dago.
Gaiaren alderdi guztiak ondo orekatuta daude. Ez dago artikulua menderatzen duen alderdi bat, eta alderdi nabarmen guztiak daude landuta. Ikuspegi garrantzitsuenek toki gehiago dute artikuluan. Esaterako, katu arraza bati buruzko artikulu batek arraza horren izaerari buruzko deskribapen luzea baldin badu eta haren ezaugarri fisikoei buruzko informazio gutxi badu (edo batere informaziorik ez), artikulu hori ez dago ondo orekatuta.
Estaldura neutrala da. Artikuluek alderdikeriarik gabe idatzita egon behar dute. Arlo horretako adituen artean desadostasunik baldin bada, haien ikuspegi nagusiak oreka egokiarekin jaso behar dira. Bai elementu positiboak, bai negatiboak sartu behar dira, iturri fidagarrietan duten estalduraren proportzioan. Artikulu onek, orobat, hizkuntza neutrala darabilte, eta datu objektiboei ematen diete garrantzia. Artikuluak ez lirateke interpretatu behar zerbaitez konbentzitzeko saiakeratzat, baizik eta entziklopediako artikulutzat.
Garrantzitsuak dira iturri fidagarriei egindako erreferentziak. Artikulu onek oin ohar ugari izaten dute behealdean. Argitalpen fidagarrietara daramaten lotura ugari daudela ikusten baduzu, kalitate handiko artikulu bat irakurtzen ari zarela pentsatzeko seinale ona da. Marteri buruzko artikuluak loturak izan beharko lituzke NASAren webgunera, baina ez astronomo amateur baten blogera.
page 6
Kalitate txarraren seinaleak
Artikuluak abisu-titular bat du goialdean. Abisu-titular gehienak informazioa edo eskaerak besterik ez dira; konparazio baterako, oso laburra den artikulu bat luzatzeko eskatzen dizun titular bat. Hala ere, abisu-titularrek batzuetan adierazten dute ebatzi gabeko auzi bat dagoela artikuluaren neutraltasunari buruz edo haren iturrien kalitateari buruz.
Hizkuntza arloko hainbat arazo daude artikuluaren sarrerako atalean. Sarrerako ataleko arazoak, oro har, artikulu osoan arazoak dauden seinale izaten dira. Sarrerako atala oso laburra bada, horrek adieraz lezake artikulua zatiz zati haziz joan dela, lan orokorrari askorik begiratu gabe.
Testuan iritzi iturrigabeak eta balorazioak jaso dira; ez dira neutralak, eta kendu egin behar lirateke. Adibidez, hau esan beharrean: «Abeslaririk onena zen», testuak hau esan beahrko luke: «Hoberenen zerrendako lehen postuan jarri zituzten haren 14 single, beste ezein abeslarirenak baino gehiago».
Artikuluan «batzuk», «asko» edo beste jende kopuru zehaztugabe batzuk aipatzen ditu. Adierazpen horiek orokorregiak dira, eta horien ordez datu objektiboak jarri behar lirateke.
Badirudi gaiaren alderdi batzuk falta direla artikuluaren eduki taulan. Adibidez, biografia batean pertsona horren aldi oso bat agertzen ez baldin bada, beharbada datu garrantzitsuak falta dira.
Atal batzuk luzeegiak dirudite, zer-nolako garrantzia duten kontuan hartuta. Esaterako, enpresa bati buruzko artikulu batean, «Kritikak» atal luze bat azaltzen bada, gainerakoan artikulu laburra izanik, horrek pentsarazten du artikulua enpresa horren kontrako joera alderdikoia duela.
Artikuluak erreferentzia gutxi ditu, edo artikuluaren zati handi samar batzuek ez dute oin oharrik. Artikulu bat iturri gutxiegitan oinarrituta baldin badago, beharbada ez dauka gai horri buruzko informazio osoa.
Eztabaida orria etsaitasunezko mezuz beteta dago. Artikuluan lan egiten ari diren editoreak ez badute elkarren artean adostasunik aurkitzen, artikulua beharbada alderdikoia izango da alde baterantz, edo artikuluaren gaiari buruzko alderdi eztabaidatsuren bati buruzko xehetasun gehiegi izango ditu agian, hain eztabaidatsuak ez diren alderdiei aski arretarik eskaini gabe.
page 7
Zer egin kalitatez eskasak diren artikuluekin
Denbora eta jakintzak baldin badituzu, zuzendu itzazu arazoak zuk zeuk, artikuluaren goialdean «Aldatu» klikatuta.
1) Egiazta ezazu ea arazoa aldi baterakoa den; esaterako, norbait bere idoloari buruzko datu desatseginak dakartzan atal bat ezabatzen saiatzen ari dela. Klika ezazu «Ikusi historia» fitxan, artikuluaren goialdean, eta begiratu azken edizioetan zer gertatu den.
2) Arazoa azken edizioetan baldin badago, «desegin» klikatuz berehala konpon dezakezu kaltea. Arazoa aspaldi samarrekoa baldin bada edo nola konpondu ez badakizu, utz ezazu ohar bat eztabaida orrian: arazoa zertan datzan deskribatzen duen ohar bat.
3) Arazoa larria baldin bada (konparazio baterako, bizi den pertsona bati buruzko kalumniazko adierazpenak), ezaba itzazu zati arazotsuak, dudarik egin gabe. Gogoan izan itzazu zeure alderdikeriak, batez ere zeure buruaz, zeure nazioaz edo zeure erakundeaz ari den artikulu batean lan egiten ari bazara. Kritikak dakartzaten atalak egokiak dira; bereziki, iturri egokiak baldin badituzte. Zerbait ezabatzen baduzu, nahi baduzu eztabaida orrian esplika dezakezu, zergatia argiago gera dadin.
Kalitate eskaseko testua duen artikulu bat aurkitzen duzunean zer egin dezakezun xehetasun handiagoz jakin nahi baduzu, bilaketa laukian idatz ezazu «Wikipedia:Artikulu hobeak idaztea».
page 8 (back cover)
Fida zaitezke Wikipediaren zehaztasunaz?
Fidagarritasuna garrantzitsua da.
Askorentzat, Wikipedia erabiltzea arrunta bihurtu da, baina nola ziurta dezakezu kalitatezko informazioa dakarkizula?
«Wikipedia ebaluatzen: artikuluen eboluzioa zein izan den jakitea eta artikuluen kalitatea ebaluatzea» erreferentziazko gida bat da, Wikipediari etekinik handiena ateratzeko urratsak esplikatzen dizkizuna.
Material gehiago:
http://bookshelf.wikimedia.org
Wikimedia Commons webguneko irudi guztiek CC BY-SA lizentzia dute, edo jabego publikokoak dira, bestela adierazi ezean. Hemengo edukiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 lizentzia du (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0/deed.eu), edo lizentzia horren geroztiko bertsioren bat.
Wikimedia Fundazioaren marka erregistratuak eta logoak, eta beste ezein erakunderenak, ez daude sartuta Creative Commons lizentzia horretan. Wikimedia Foundation, Wikipedia, Wikimedia Commons, MediaWiki, Wiktionary, Wikibooks, Wikidata, Wikisource, Wikinews, Wikiquote, Wikiversity, Wikivoyage, Wikispecies eta Meta-Wiki markatzat erregistratzekotan daude edo Wikimedia Fundazioaren marka erregistratuak dira.
Informazio gehiago nahi baduzu, ikus ezazu markei buruzko politikaren gure orria (ingelesez): http://wikimediafoundation.org/wiki/Trademark_Policy.
Lizentzia baldintzei edo marken politikari buruzko beste edozein galdera izanez gero, idatzi helbide honetara: legal@wikimedia.org